Hari fin batetik

Badira lanbide batzuk ia-ia erritual bihurtzen direnak. Eroso eseri, haria esku artean hartu,
oihala luzatu eta lehen puntadak pausaz emanaz… Denbora beste era batera neurtzen da
gure atelierrean. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzekin, isilpean zein gure
ezpainarteko melodien erritmora jositako jantziek markatzen dute erlojuko orratzen
mugimendua. Gure sorkuntzak ez dira jantzi soilak, xehetasun bakoitzean historia apur bat
jasotzen duten piezak baizik.

Joskintzaren bidez, ehuntzen diarduen hari berezi bat bizirik mantentzen dugula esatera
ausartuko naiz: gure herriko lan egiteko moduarena, amonek pasa diguten jakinduriarena
zein etorkizunari begira eraiki nahi dugun munduarena.

Gurea, lanbide artisaua da, askorentzat iraganeko ofizio daitekeena. Baina nik sinesten dut
eraiki nahi dugun etorkizuna ehuntzeko ezinbesteko horietako bat dela. Dena azkar egiten
dugun honetan, pausatzeko aukera. Izan ere, gure atelierrean, Soia Bridalen, jantzi bakoitza
patxadaz sortzen dugu. Pertsona bakoitzaren izatean, haren gorpuzkeran, izakeran eta
edertasun naturalean zentratuta, bakoitzari bere lekua emanaz, entzunaz eta beti prozesu
osoan zehar babesa eskeiniaz.

Goimailako joskintza egiten dugunok (edo antzerako zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen
dugun profesionalok), ez dugu produktu edo zerbitzu soil hori bakarrik eskaintzen:
identitateak irudikatzen ditugu eta ondorioz, memoria kolektiboari gure ekarpena egiten
diogu.

Eta identitate horiek irudikatzerakoan, hizkuntzak ere badu bere lekua. Estatuan zein
nazioartean gure lana zabaltzen ari garen honetan, sustraiei eustea hautu kontziente eta
zenbaitentzat ausarta da. Euskal Herrian errotua dagoen proiektu bat izateak, indarra,
koherentzia eta nortasuna ematen dizkio. Euskararen presentzia gure eguneroko lanaren
eta komunikazioaren parte izatea ez da muga bat, gure berezitasunaren adierazle baizik.
Soiaren ikuspegia eta balioak mundura zabaltzerako orduan, hizkuntzak ukitu intimo eta
autentikoa ematen dio, gure jarduna gertuko bihurtzen duena. Sortzeko erabiltzen ditugun
teknikez gain, adierazteko moduak ere, bere arima islatzen baitu. Eta hori, guretzat, ohore bat da.

Share this post

Leave a Reply