Enara, oriotarra dugu gu bezala eta hasieratik gure ibilbidea jarraitu ondoren, bere egun berezirako soinekoa gurekin egin nahi zuela argi zuela esan zigun lehenego hitzordura etorri zenean.
Ezkontza txiki bat nahi zuten, eta, gainera, alaba txikia izanda ez zuen soineko luzez joan nahi. Ezta ere egunerokotasunean jantziko lukeen soineko batekin, tarteko zerbaiten bila zebilen.
Lehenengo gure soinekoak probatzetik hasi ginen, ideia bat egin zezan. Horietako bat gustatu zitzaion eta horren gainean moldaketak egiten joan ginen, azkenean %100ean esklusiboki sortu genion diseinura iritsi arte.
Prozesuarekin aurrera gindoazela, berri zoragarri batekin etorri zitzaigun, bigarren haurraren esperoan zegoen, eta ezkontza egunean bost hilabeteko tripatxoa izango zuen. Soinekoa ia amaitzear genuen puntu horretan, eta, halakoetan, ez denez jakiten emakumearen gorputzak zenbaterainoko aldaketa jasango duen, azken ordura arte soinekoa bere horretan uztea erabaki genuen. Beste lanak aurreratu eta azken hilabetea beretzat gorde genuen.
Argazkietan ikusi dezakezuen moduan, biesean moztutako soinekoa sortu genion, bular aldea hulter estiloaren kutsu batekin, tira finez lagunduta eta erdian irekiera txiki batekin. Gainetik kapa zoragarri bat egin genion, perlaz brodatutako tulaz. Joko polita eman zion egun handian, kapa gisa zein fular gisa ipiniaz.
Enara oso berezia izan da guretzat. Kanpotik jendea etortzeak ilusioa egiten digu, baina gertu ditugunak gugana etorri eta halako konfiantza erakusteak are eta bereziago egiten du dena. Bidean izan ditugun zailtasunak zailtasun, oso erraz jarri digu dena.
Eskerrik asko Enara eta Ibon, polita izan da soinekoaren eta haurdunaldiaren prozesuaren zatitxo bat elkarrekin bizitzea.

























































































