Ane: xumetasunaren edertasuna

Ezkontza zibilerako soineko minimalista baten bila etorri zen Ane Soia Bridalera, beste ezkongai batek gomendatuta. Bere nahia argia zen: bere izaerarekin bat egiten zuen, eta xumea baina berezia zen soineko bat.

Lehen pausoa: silueta eta materialak

Atelierreko hainbat soineko probatu genizkion, zein siluetarekin sentitzen zen eroso deskubritu eta bere gustuak ezagutzeko. HUTS bildumako Martina diseinua hartu genuen abiapuntu: haren silueta gordez eta bere nortasunari egokituz sortu genuen azken emaitza.

Proben artean berehala begiz jo zuen gure atelier laborategian genuen tela berezi bat: seda organza brodatua. Oso berezia eta dotorea zen, eta tonu matea zuenez, xumetasun ukitu hori gordetzen zuen. Horixe hartu genuen abiapuntu eta hari forma ematen hasi ginen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bi piezako soineko aldagarria 

Anek bi aldaera ezberdinetan erabil zitekeen bi piezako soineko bat nahi zuen, baina lehen begiratuan pieza bakar bat zirudiena. Hori lortzeko, basearen aurrealdea eta gona krep satinatuz sortu genituen; bizkarrean, aldiz, azpiko zatia krepez eta gainekoa organtzaz osatu genuen. Tirante batzuk ere gehitu genizkion, eta atzealdean botoi forratuekin egindako lotura jarri, erraz askatu eta kentzeko modukoa. Azpitik azala ikusten zen organtza geruzaren bidez, eta efektu hori berreskuratu genuen top-ean ere: mauka japoniarrak zituen, klabikulak agerian utziz eta bizkarreko siluetari jarraituz. 

 

 

 

 

 

 

 

 

Maitasunez betetako bidea 

Looka osatzeko, Anek familiatik jasotako lepoko eta eskumuturreko berezi bat ekarri zituen. Hasieran aurrealdean jartzen saiatu ginen, baina ez ziren ondo egokitzen ez bere aurpegi eta gorputz formara, ezta soinekoaren siluetara ere. Azkenean, atzealdeko eskoteari protagonismoa ematea erabaki genuen: lepokoa eta eskumuturrekoa batu eta atzealdera erorita jarri genituen, kutsu berezi eta dotorea emanaz. 

Froga guztietan gurasoak eta ahizpa alboan izan zituen, eta haiek lagundu zidaten Ane hobeto ezagutzen. Zein polita izan den bidea… eta zein ederra izan zen egun berezian gure laborategian, maitasunez sortutako soinekoarekin, hain zoriontsu ikustea.

Eskerrik asko, Ane, gurekin partekatu duzun ametsagatik eta bideagatik. Onena opa dizugu! 

 

Share this post

Leave a Reply