Zaloa, gure ezkongaiak izandako beste bikote batek gomendatuta etorri zen gugana. Egia esan behar badizuet, hasieratik sentitu genuen “fletxazoa”, biak ere nahiko sorginak baikara! Ama eta izebaz lagunduta etortzen zen hitzorduetara, eta a zer nolako akelarreak izaten genituen hemen!
Hasieratik, oso argi zuen Zaloak bere gorputza ondo ezagutzen duela eta zein eratara sentitzen den eroso eta zeinetara deseroso. Abiapuntu horretatik hasita, orain arte egin dugunarekin alderatuta oso diseinu ezberdina sortu genion.
Ehunei begira hasi eta berehala maitemindu zen parpaila berezi batez, tamalez metro gutxi genituen eta beldurrez ginen iritsiko ez ote zen. Baina tira, lortu genuen handik eta hemendik.
Parpaila guztia eskuz josi genion, banan banan. Mimo handiz egindako goi-mailako joskintza lana izan zen soineko honekin egin genuena. Barrutik, arnes moduko bat ere ondu genion, izan ere, soinekoa aurretik irekia zen eta atzealdean dandarra zuenez, pisu handia hartu eta soinekoa atzera joateko arriskua zegoen. Arnesari esker soinekoa bere lekuan mantentzea lortu genuen.
Zaloaz gain, bere amari ere egin genion soinekoa. Jakingo bazenute zenbat gustatzen zaigun amabitxiei pieza bereziak egitea…
Maitek, ezkontzaz haratago berrerabili ahal izateko soineko bat nahi zuen, askok bezala. Horregatik, soineko gorri basiko bat egin genion eta gainetik tweed batean eginiko jakatxoa gehitu genion, hau ere xehetasunez xehetasun, eskuz egina, botoi berezi bat ere bazuen bizkarraldean KKUMeko Imak egina.
Bi soinekoak izan dira bereziak Soia Bridaleko lan taldearentzat, eta noski ama alabak ere bereziak izan dira. Pentsa nolako harremana sortu den gure artean, nire konfiantzazko ile-apaintzailea bihurtu dela Zaloa! Ezkontza egunean ere kafera gonbidatu gintuen… a ze poza gure soinekoarekin hainbeste disfrutatzen ikusi izana!
Eskerrik asko bideagatik Zaloa eta Maite! Asko maite zaituztegu!
You must be logged in to post a comment.