Zaila egiten zait hitzekin adieraztea Estelarekin bizi izan dugun guztia. Soia Bridalen ezkongai bakoitza iristen bazaigu bihotzeraino, pentsa, bezero hori lagun berezienetako bat denean. Ezkonduko zela kontatu zidan unean jakinarazi zidan soinekoa nirekin sortu nahi zuela. Soia Bridalen, jakina.
50.hamarkadako zetarekin ametsetan
Ilusio handiz, urtebete lehenago hasi ginen lanean. Estelak oso estetika definitua du, eta txikitatik ezagutzen garenez,— zehazki bi urte ditugunetik—, bidea asko erraztu zitzaigun. Dakizuen bezala, ezkongai bakoitzarekin aurrelan sakon bat egiten dut, diseinu prozesua hasi aurretik, pertsona hobeto ezagutu eta bere gustuak ulertzeko. Baina kasu honetan, prozesu hori berez etorri zen.
Urtebetez, etengabe ideiak elkarbanatzen aritu ginen. Behin martxan jarrita, ideia guztiak bildu eta bere ama eta ahizparekin batera gonbidatu nuen atelierrera, proposamena aurkezteko.
Lehen proposamena aurkeztean, atelierrean gordeta nuen 50eko hamarkadako zeta plisatuaren zati bat erakutsi nien. Aspaldidanik gordeta neukan, eta banekien bere estiloarekin bat egingo zuela. Ikusi orduko hirurei izugarri gustatu zitzaien, eta berehala ekin genion soinekoaren sorkuntza prozesuari ideia horretatik abiatuta.
Oso prozesu emotiboa izan da. Esango nuke orain arte egin dudan soinekorik errazena izan dela, horregatik. Hasieratik, diseinuarekin asmatu genuen, eta dena zoragarri joan da.
Kolore erreferentzia moduan, hasierako zeta plisatua hartu genuenez, soinekoa sortzeko telak ezin zuen izan zuri-zuria. Horregatik, Iruñara bidali genuen, hautatutako ehuna tonu berean tindatzeko. Prozesu horrek ere gure lankidetza estutu du eta emaitzak benetan ikaragarria izan dira.
Maitasunez beteriko sorkuntza-bidaia
Soinekoaren datu teknikoetan murgilduta, gona zuzen bat zen soinekoaren lehenengo pieza, atzekaldean irekiera batekin eta goitik beherainoko botoi forratuekin.
Gorako zatiari dagokionez, eskote karratua egin genion bai aurrean zein atzekaldean ere, eta mauka abonbatuak zetazko plisatu vintagearekin eskumuturrak estutzeko “nido de abeja” teknika erabilita. Horrela, soinekoari irudi elegante eta dotorea emateko helburuarekin.
Atzean, gerrialdean plisatu gurutzatua sortu genuen, gerriko moduko efektu bat lortuz. Xehetasun guztiak zaindu genituen zehatz-zehatz, Estelaren estiloa islatzeko.
Deskriba ezina izan da momentu guzti hauek elkarrekin bizitzea, eskerrik asko bihotzez!
Zoriontsu izan zaiteztela Estela eta Xabier!



























































































