“Soia markak izan duen eboluzioarekin oso gustura nago eta herritarren erantzuna ere oso ona izan da”

Duela bi urte amaitu zituen Moda Diseinu ikasketak Goiuri Unanuek (Orio, 1994), eta Soia markarekin dabil buru belarri osagarri eta arropa bilduma berriak sortzen

ANE ROTETA – Sábado, 13 de Enero de 2018 – Actualizado a las 06:12h

ORIO– 23 urte besterik ez ditu Goiuri Unanue moda diseinatzaile oriotarrak eta dagoeneko bere marka propioa sortu du: Soia. Gainera, joan den irailean ireki zuen denda eta tailerra bere herrian (Aita Lertxundi, 22) eta ilusio handiz dabil osagarri eta arropa bilduma berriak prestatzen.

Nola sortu zen Soia?

-Bartzelonan Moda Diseinu ikasketak egiten ari nintzela Zarauzko eta Zubietako bi pisukide nituen eta hirurok ari ginen moda ikasten, maila ezberdinetan, eta elkarrekin zerbait sortzea pentsatu genuen. Oraindik ikasten ari ginela poltsa batzuk saltzen hasi ginen eta marka bat sor-tzea erabaki genuen. Horrela sortu zen Soia. Nik duela bi urte amaitu nituen ikasketak eta markaren ardura nik hartzea erabaki genuen. Zarauztarrak beste bide bat hartu zuen eta Zubietakoa oraindik ikasten ari da, beraz, momentuz ni nago proiektua aurrera eramaten. Oso gustura nago Soiaren eboluzioarekin eta herriak izan duen erantzuna ere oso ona izan da.

Eta zer eskaintzen duzue?

-Helburua hemen inguruan ez dagoen zerbait eskaintzea da eta hiru linea ditugula esan genezake. Alde batetik, poltsa eta motxilen bilduma bat daukagu, eta osagarri horiek zerbait berezia izaten saiatzen gara. Adibidez, bihurgarriak dira eta erabilera bat baino gehiago dituzte eta materialen aldetik ere arintasuna bilatzen dugu. Bestetik, prêt à porterarropa bilduma dugu. Kolekzio hori minimalista da eta arropa horiek astelehenetik igandera jantzi daitezkeenak izaten saiatzen gara. Materialak neoprenoak, kotoizkoak eta zetazkoak izan ohi dira. Azkenik, arropa neurrira egiten dugu, diseinua zerotik hasita. Dena hemen ekoizten dugu eta prozesu mantsoa da, slow fashion deitzen zaiona. Horretaz gain, joskintza tailerrak ere eskaintzen ditut, haur nahiz helduentzat.

Kutxa Kultur Modan izan zara aurten eta nazioarteko lehiaketetan ere hartu duzu parte.

-Kutxa Kulturreko fundazioak urtean sei diseinatzaile gazte aukeratzen ditu eta horren baitan formakuntza jaso nuen. Hala, programaren amaieran Cristobal Balenciaga museoan goi-mailako joskintzako bilduma bat aurkeztu nuen eta, egia esan, aukera oso ona izan zen. Bestalde, Bilbao Art &Fashion nazioarteko lehiaketan parte hartu nuen 2016an eta finalista izan nintzen.

Noiz ikusi zenuen argi modaren munduan egin nahi zenuela lan?

-Amona ere jostuna zen eta etxean beti ikusi izan dudanez, txikitatik gustatu izan zait, eta modaren inguruan ikasketa unibertsitarioak zeudela jakin nuenean, argi neukan.

Nola ikusten duzu modaren egoera Euskal Herrian?

-Lehen ez nengoen mundu honen barruan, beraz, ez dakit lehen egoera nolakoa zen, baina orain nik uste dut ari dela mugitzen. Eusko Jaurlaritzatik ari dira laguntzak ematen, eta Kutxa eta Balenciaga museotik ere ari dira moda bultzatzen. Gerta-tzen dena da hemen hornitzaileak ez daudela, beti kanpora joan behar zara eta alde horretatik zaila da.

Zein anbizio profesional dituzu?

-Nire ametsa Madrilgo edo Bartzelonako nazioarteko pasarelaren batean desfilatzea izango litzateke, eta noski, honetaz bizi ahal izatea. Helburua mundura irekitzea da eta nahiko nuke denda leku gehiagotan zabaltzea, baina Oriokoa mantendu nahiko nuke, hau baita jatorria.

Ver más en Noticias de Gipuzkoa

Share this post