Olaiak aspalditik jarraitzen gintuen sare sozialetan. Eta bere ezkontzarako gugana etorriko zela argi zuela aipatu zigun ezagutu orduko. Lehenengo hitzorduan sortu genion diseinuaz berehala maitemindu zen eta hori ikusita bere bikotekideari ere gugana etortzera animatu zion.
Mariaren kasuan lehenengo proposamenarekin guztiz eroso ez zegoenez bgiarren bat egin genioen eta erakutsi ahala, beno beno, maiteminduta geratu zen bera ere!
Benetan prozesu polita izan da biekin bizi izan duguna, bien soinekoak batak bestearena ikusi gabe sortzeak xarma ederra izan du. Harreman profesional bat izatetik lagunak bilakatzeraino, pentsa zenbateraino, beraien ezkontzako festara gonbidatu gintuztela! Eta ze ondo pasatu genuen Marije eta biok! Estilo ezberdina zeramaten biek, baina haien lagunek esan zigutenez bakoitzaren izakera bete-betean islatu genuen!
Soinekoen datu teknikoei dagokienez, Olaiak midi soineko bat zeraman, V formako bularraldearekin eta bizkarrean zulotxo batekin. Pastel koloreren bat sartu nahi zion soinekoari, eta alboetan parpailazko ehun loredun bat gehitzea proposatu nion. Kolore puntua lortzearekin batera, gorputza liraintzen zion. Horrez gain, ezkongai soineko kutsua emate aldera bizkarreko zulotxoan tulezko kapa desmuntagarria ipini genion, belo edo dandar sentsazioa eman zezan. Hotza egiten bazuen tulezko pontxo bat ere egin genion bada ezpada gauerako.
Mariarena berriz, gure kolekzioko Sofia soineko oinarri gisa hartuta hasi genuen. Hasiera batean, bere horretan egitea proposatu zidan, baina lehen esan bezala, ez zegoenez guztiz ziur hartutako erabakiarekin, Sofiatik abiatuta gainean zeramala drapeatu eta zenbait mozketa proposatu nizkion, gerrira eta goiko aldera tolesdura batzuk eginaz. Lepoan ere harribitxiak sartu genizkion, bizkar irekia egitearekin batera. Soinekoa sirena forma batez amaitu genuen. Olaiari bezala Mariari ere egin genion hotzaren aurkako herraminta, Soia Bridaleko bonber klasikoa egin genion tweed txuri batean eta izugarri polita geratu zitzaion ezkontza ondoren ere erabiltzeko moduan.
Eta blog honekin amaitzeko bitxikeria bat ere nahi dizuet kontatu. Mariak bere bikotearen izenarekin zerbait egin nahi zuen, gehiegi ikusten ez zena baina… Hori horrela, lepoaren atzean brodatu genion, “Olaia´s wife”, bere kolore gustukoenaz, lilaz. Ezer esan gabe sorpresaz Olaiari ere jarri genion pontxoan Mariaren izena, kolore berdinez brodatua.
Ezkontza hau eta ezkongai hauek definitzen hasterakoan magia da burura etortzen zaigun lehen hitza. Magikoa izan da bizi dugun prozesua, magikoa izanda bi ezkongaiei ametsetako soinekoa sortzea, magikoa izan da bezero izatetik lagun izatera pasatzea, eta magikoa da batez ere, beraien arteko maitasuna.
Munduko zoriontasun guztia opa dizuegu neskak!
You must log in to post a comment.